
Egunotan Audientzia Nazionalean ireki den prozesuaren aurrean Euskal Herriko Bilgune Feministatik gure elkartasun eta babes guztia adierazi nahi diegu Bilgune Feministako kidea den Saioa Iraola, urteetan emakumeon eskubideen alde gurekin elkarlanean aritu den Lurdes Juantorena eta Oier Eizmendi alkateari.
Leitzako festetan txupinazoa botatzea gure lana errekonozitzeko era polita iruditu zitzaigun. Gutxitan eman zaio herri mugimenduari festetako momentu garrantzitsu honetan tartea, eta are eta gutxiago mugimendu feministari. Lehen aldiz mugimendu feministako kide batek bota zuen txupinazoa Leitzan eta lehen aldiz Leitzako udaletxeko balkoitik emakumeon eskubideen aldeko hitzak entzun ziren. Txupinazo ez ohikoa, amona, ama eta emakume guztien erreferentzia egiten zuena. Gure eskubideen aldeko oihu eta algarak herriko plazan, hainbestetan ukatu zaigun espazioan.
Honen ondorioz deklaratzera deitu dituzte Leitzako hiru herritarrak Audientzia Nazionalera. Emakumeen eskubideei jaietan behar duen tartea emateagatik. Herritarrek egin duten lana plazaratzeagatik. Urteetako borrokei zorionak emateagatik.
Aski da!
Euskal Herriko Bilgune Feministatik Audientzia Nazionalak ireki duen hiru herritar hauen aurkako prozesua salatu nahi dugu eta era berean Leitzako herritar guztiei gure babes guztia eman, feminismoaren presentzian atzera pausorik ez onartu eta borrokan jarraitzeko.