Matrikulazio kanpainaren erdian aurkitzen garen honetan, beste behin Bilgune Feministak HEZKIDETZAREN aldeko hautua egiteko deialdia luzatu nahi du. Beharrezkoa baita hezkuntza komunitatean gabiltzanon elkarlana eta konpromisoa hezkidetza errealitate bihur dadin. Euskal Herriko neska eta mutilek parekidetasunean oinarritutako hezkuntza eskubidea dute. Ekin diezaiogun egitasmo hezkidetzaile eta hezkuntza parekideari.HEZKUNTZA HEZKIDETZAILEA GURE ESKUBIDEA!!
Zer da hezkidetza? Kontzientea den prozesu hezitzailea da eta neska eta mutilen arteko aukera berdintasunean oinarritzen da.
Irizpide sexistak barnebiltzen dituzten gizon eta emakumeei egokitutako rol, balore, portaerak e.a. transmititu gabe heztea da. Pertsona autonomoak izateko, gure bizitza proiektuen jabe izateko, hurbileko inguruarekin elkarbizitzan, behar ditugun gaitasunak garatzea ahalbidetzeko helburuekin. Hezkidetzak, Pertsonen garapen integrala lortu nahi du, jendarte justuago bat lortzen lagundu behar du, sexuen arteko eskubide eta aukera berdintasuna bultzatuz. Elkartasunean, parekidetasunean eta askatasunean oinarritutako jendartea sortu nahi dugu.
Zergatik da garrantzitsua ikastetxeetan hezkidetza lantzea? Hezkuntza sistema pertsonen sozializaziorako oinarrizko bitartekoa da. Gure herriko neska-mutilek, hein handi batean, hezkuntza sistemak eskaintzen dizkien eta bultzatzen dituen eduki, balore, portaera e.a. guztien arabera jokatuko dute etorkizunean. Horregatik da garrantzitsua haurrak txiki-txikitatik hezkidetzan eta neska eta mutilen aukera berdintasunean oinarritutako balioetan heztea.
Zein ardura dugu guzti honetan guraso, hezitzaile eta herritarrok? Etorkizuneko Euskal Herria herritarrok jasotzen dugun hezkuntzaren araberakoa izango da, eta hala, sexu bereizkeria eta indarkeri sexistarik gabeko Euskal Herri parekide bat nahi baldin badugu, gure gain hartu beharko dugu bakoitzak guzti honen aurrean dugun ardura. Guraso gisa, gure seme-alaben ikastetxeetan hezkidetza programak martxan jar daitezela proposatuz eta exijituz. Hezitzaile bezala, kontzientziazio lana eginez eta gure ikastetxeak hezkidetzarekiko duen konpromisoa handituz eta herritar gisa, hezkuntza sistema hezkidetzaile bat aldarrikatuz.