2010/02/13

2010 aRrAzOi MaRtXaN jArRaItZeKo!!


Emakumeon Mundu Martxa nazioarte mailan lan egiten duen mugimendua da non emakume talde eta talde feministak emakumeon kontrako indarkeria eta pobreziarekin bukatzeko lan egiten dugun.
2010EAN GURE ALDARRIKAPENAK ZABALDUKO DITUGU MUNDUAN ZEHAR
- Martxoaren 8tik 18ra ekimen ezberdinak antolatuko dira munduko txoko ezberdinetan.
- Ekainaren 30an Europako emakumeok gure aldarrikapenak Istanbulera eramango ditugu.
- Urriaren 17an munduko emakumeak Sud Kivu, Kongora joango gara gure elkartasuna adierazteko gatazkan bizi diren emakume guztiei.
2010 ARRAZOI DITUGU MARTXAN JARRAITZEKO ETA GURE ALDARRIKAPENAK ATAL EZBERDINETAN ZENTRATUKO DITUGU
1. Emakumeon aurkako indarkeria gure jendartean gertatzen den giza eskubideen urraketa larrienetakoa eta hedatuenetakoa da.
2. Emakumeon eskubide sexual eta erreproduktiboak ez daude bermatuta. Emakumeon sexualitatea, genero aginduek mugatzen jarraitzen dute.
3. Prekarietateak oraindik ere emakume aurpegia du. Egun sexuaren araberako lan banaketan oinarritzen den eredu ekonomiko neoliberal eta patriarkala dugu.
4. Elikadura burujabetza, herriek beren nekazaritza eta elikadura politiken gainean erabakitzeko duten eskubidea da.
ETA EUSKAL HERRIAN ZER EGINGODUGU?
Martxoaren 8an hasi eta 13an bukatuko duen bira antolatuko dugu. Bost egunetan zehar Mundu Martxako furgoneta Euskal Herriko hainbat txokoetatik pasako da. Euskal Herria morez tindatuko dugu. Irunean hasi eta herrialde guztietatik pasa ondoren berriro Irunean bukatuko dugu nazio mobilizazio batekin. Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxa bost egunetan zehar egindako aldarrikapenak bildu eta jai giroan bukatuko dugu. Herri eta hiriburu guztietan ekimen ezberdinak antolatuko ditugu. Talde bakoitzak bere herrian lan ardatzak zeintzuk diren kontuan hartuz…
Mural bat osatuko du non aldarrikapenak kokatuz herriko emakume ezberdinen parte hartzea ziurtatuko dugun. Muralaren argazki bat egin eta furgonetak jaso eta
bertan egongo den mural handian itsatsiko du. Irunean, azken ekimenean Euskal Herriko mural handia izango dugu.
Testigantzen liburua osatzeko bakoitzak bere ekarpena egingo du. Liburu honetan emakumeon borroken testigantzak jaso nahi ditugu.
Herri eta hiriburu bakoitzean programa zabala eraiki dezakegu bi ekimen konkretu hauek kontutan izanik. Beraz Mundu Martxaren Plataformaren filosofia ahaztu gabe, has gaitezen emakumeak biltzen eta gure aldarrikapenak lau haizetara zabaltzen.
Euskal herri osoan jasotzen diren muralen argazkiekin oihal handi bat egin eta jantzi bat osatuko dugu. Jantzia eta liburua hartu eta Euskal Herriko Mundu Martxako Plataformaren izenean Kongora joango den emakumeak bertara eramango ditu.