
Azaroak 25 zela eta asteazkenean, Zornotzan herriko Bilgune Feminista taldeak deituta 37 pertsona batu ginen.
Hauxe da kide batek kontzentrazioa bukatutakoan irakurritakoa:
Emakumeon aurkako indarkeriak ez du etenik. Urte berri bat igaro da, eta berriro ere datu latzak ditugu eskuartean Euskal Herrian: zazpi emakume erailik; Marie Laurence, Izaskun Jimenez, Yamiled Giraldo, Yasmin Zamira, Mari Puy, eta azken astean Nafarroa Beherean eraildako ama alabak. Honi, ehunka bortxaketa, eraso, eta berriki atera berri den Nagore Laffageren erailketaren inguruko ebazpena gehitu behar zaizkio..
Argazki hau zoritxarrez urteak pasa ahala errepikatzen joan zaigun irudi bat da, inork honen aurrean taxuzko erabakirik ez duela hartzen ikusten jarraitzen dugu bitartean.
Horregaitik iada ezin dugu zain egon nahi ea gu salbatzera noiz etorriko, ezin dugu gure segurtasuna eta bizitza beste batzuengan delegatu. Emakume bat erasotzen dutenean, gutako edonor erasoko balute bezala delako, guregandik abiatuta egin nahi diogu aurre indarkeriari; emakume aske eta autonomo bezala formatuz, gure buruarengan dugun ziurtasuna handitu eta gaitasunetan sinestuz. Geure etorkizuna, gure gorputza eta gure bizitzen jabe izatea nahi dugu.Golpeei, irainei, gutxiespenei, mehatxuei aurre egin nahi diegu. Egin nahi ez duguna egiteari utzi, maite gaituela dioten erasotzaileei planto egin, gure bizi proiektuak askatasunean, menekotasunetik kanpo garatzen segi.
Ofentsibara pasako gara: erantzutera, defendatzera eta ekitera.
GORA BORROKA FEMINISTA!