Emakumeon kontrako indarkeriak ez du etenik, oraindik ere, esparru eta era anitzean emandako milaka eraso jasaten baititugu emakumeok. Egoera benetan da larria, eta indarkeria egiturazkoa den heinean, egiturazko erantzunak ezinbestekoak dira.
2010an zoritxarrez dagoeneko 6 dira indarkeria patriarkalaren ondorioz eraildako emakumeak: Elena Cal, Amelia Sanchez, Isabel Velez, Bonifacia Ruiz, Amelia Amaya eta Annie Froment.
Horrez gain, urri hasieran Zarautzen hilda agertutako umearen kasua ere salatu nahi genuke, ez dugulako uste soilik arduragabekiaren ondorio izan denik, kasu honetan ere, instituzioak izandako jarrera salagarria dela deritzogu eta egun indarrean dauden legeak eta neurriak indarkeria patriarkalarekin amaitzeko nahikoak ez direla gogoratu nahi genuke. Gainera, Euskal Herrian, bi emakume daude desagertuta, bata, Nora gasteiztarra, 2009ko urriaren 25etik ez da bere berririk; eta bestea, berriz, Maria Angeles German da eta abuztuaren 9tik falta da Urbiolako (Nafarroa) bere etxetik. Bien kasuan, hilketaren hipotesia da ikertzaileek eskuartean darabilten hipotesia nagusia.
Horrez gain, salaketa berezia egin nahi dugu urte honetan zehar izan diren atxiloketetan hainbat euskal herritarrek jasan dituzten tortura sexistak direla eta. Indarkeria, jendarte honen eremu anitzetan, guztietan, ematen denaren froga bat gehiago dugu azken hau, hala nola, ukituak, makilaren mehatxua, biluztea, e.a.
Nazkatuak gaude indarkeria kasuak jazoera isolatu bezala tratatzeaz, nazkatuak gaude gure askatasuna mugatzen duten jarrerak egunero jasan beharraz, nazkatuak gaude instituzioek biktima soilak bagina bezala tratatzeaz, nazkatuak gaude agintariek dituzten erantzukizun politikoak ez betetzeaz, nazkatuak gaude komunikabideek indarkeria morboa bultzatzeko erabiltzeaz…
…baina autodefentsan sinesten dugu, gure burua defendatzeko dugun gaitasunean eta ez dugu salbatzaileen zain egoteko asmorik. Kalera atera eta indarkeri egoerei aurre egin nahi diegu ozen. Gertatzen zaiguna publikoki salatu, eguneroko erasoei konponbideak jarri eta indarkeriari aurre hartu. Zor zaiguna gure egiteko gai garela erakutsi nahi dugu, kalean, etxean, ikastetxean nahiz lantokietan lasai ibili nahi dugula aldarrikatu eta erasotuak izango garenaren beldurrik ez dugula izango.